XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zoriontsu izan nahi eta ezina

GAURKO ebanjelio-zatia ulertzeak lanak ditu guretzat.

Eta zailtasun hori okerreko giltza erabiltzetik datorkigu.

Ez dugu klabe egokiarekin asmatu.

Gauza batean denok bat gatoz, dudarik gabe: denok izan nahi dugula zorioneko.

Batzuek handik, besteek hemendik, denok egiten ditugun ahalegin guztiak zorionaren bila egiten ditugu.

Baina, zorionak bere bideak ditu.

Eta bide horietatik izan ezean, alferrik dira ahalegin guztiak.

Zorioneko kutxa irekitzeko giltza eta klabe egokia behar da. Bestela jai daukagu.

Jesusek eman dizkigu bere giltza eta klabea

Zoriontasunen pasarteak argi eta garbi adierazten digu nondik eta nola aurki dezakegun zoriona.

Baina guretzat ulerkaitza ez ezik ulertezina gertatzen da Josusek eskaintzen digun bidea.

Eta guretzat esatean, ez ditut fedegabeak bakarrik sartzen, fededun izeneko asko eta asko ere bai.

Guk zoriona ongizatearen kutxan bilatzen dugu.

Gehiago ere esango nuke: zoriona eta ongizatea berdindu egin ditugu.

Eta azken batean zer da ba ongizate hori? Dirua edukitzea hitz gutxitan esanda.

Beraz, ekuazioaren emaitza garbia da: askorentzat zoriona dirua edukitzea da. Diru asko daukanak zorion haundia leukake.

Eta gutxi edo asko, denok ulertzen dugu ezinezkoa dela daramagun bidea.

Aste honetan bertan ikusi ahal izan ditugu Afganistango irudi ikaragarriak, lurrikara baten eraginez ikaragarrizkoak.

Eta ikuskizun negargarri horren aurrean denok ulertzen dugu gure munduaren antolaketa ez dela zuzena, horrela ez dagoela egiazko zoriona bideratzerik.

Eta beste gauza bat ere ulertzen dugu: gu geu ere ez garela zorioneko.

Dirua pilatzeko lana egin beste proiekturik ez dauka jende askok. Gero, erosi eta erosi.

Erosiz erosotasunak eskuratu. Eta ongizateko aukera horri zoriona deitzen diogu.

Oraindik orain Saharan izan den emakume batek, hango jendeak bizi duen eskasiaz hitzegiten zigun talde batean.

Ia-ia ezer gabe bizi dira, beharrezkoenarekin juxtu.

Hemen sobran dauzkagunak, han lujo ikusgarria dira.

Eta horiek entzutean, gure arteko batek esan zuen: Gajoak!. Eta erantzuna: Zergatik gajoak? Haiek zoriontsu bizi dira!

Eta hori ulertzen dugu, zoriona eta gauzak edukitzea ez dela gauza bera.

Baina gero, eguneroko bizitzaren ahaleginean, gauzak edukitzea eta zoriona gauza bera balira bezala jokatzen dugu, gauzak pilatzen izerdi eta pats. Gure bizieraren antolaketa, absurdo ikusgarria da!

Jesusen ikuspegiak, berriz, sekretu gutxi du: Zorionekoak behartsuak

Eta Jesusen mehatxuak ere ez du disimulo handirik: Ai zuek, aberatsok!

Zoriona ez dago besterik gabeko ongizatean.

Edukitzearen zibilizazioak gauza asko ematen digu, baina zoriontsu bizitzeko arrazoirik ez digu ematen.

Ekonomia gaizki dabilela eta horri egotzi izan dio zenbaitek gaurko bizi-ezinaren arrazoia.

Ez da hori, nire ustez.

Lana eta dirua baino gehiago, motibazioak galdu ditugu: ez dakigu zergatik egin behar dugun lan, zergatik sufritu behar dugun, ez dakigu gozatzen, ez daukagu itxaropenik, ez dakigu bizitzen.

Gero hortik gezurra eta lehia eta azpilana eta azpijana eta iruzurra eta traizioa sortzen dira. Eta horrela ez dago zoriontsu bizitzerik!

Jesusen hizkera eta eskaintza ulertzeak lanak ematen dizkigu, bai! Baina eta Jesusen bide hori izango balitz zorionaren giltza eta klabea? Esanak esan eta usteak uste, Jesusek arrazoi balu? Zoriona, bildu eta pilatzean ez, baizik banatu eta ematean balego? Zoriona, gauza askoren nahaspilan ez, baizik elkar maitatzearen sinpletasunean balego?

Hori horrela denik ez dago hitzez eta argumentuz erakusterik. Hori oso erraz ikusten da: aproba egin.

Beharbada, urrutira joan gabe, geure inguruan ere ikusi izan dugu gauza gutxi eduki arren zorionean bizi den jendea.

Hortik atera kontuak! Jesusen bidea zaila dela esan ohi dugu.

Hark arrazoi duela aitortzen dugu geure barruan, baina oso zaila haren arrazoietara tolestatzea.

Eta galdetzen dut: ez al da zailago eta mingarriagoa zorioneko izan nahi eta ezina?